HABE

euskadi.eus

HABE:
  1. HABE
 

Mailen definizioak

Kultura sailaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduak zehazten du Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren mailak egiaztatzeko sistema. Horretaz gain, Europako markoan ezarritako mailen erreferentzia ere egiten da.

1. maila

 Lehenengo maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da eguneroko testuinguru ezagunetan eta gai orokor eta arruntei buruzko kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, pertsona eta objektuen deskribapen laburrak ulertu eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Halaber, eguneroko harreman hurbilen inguruan, solasaldietan parte hartzeko gai izango da.

Irakurmena

Badaki bereizten maila honi dagozkion testu motak: instrukzioak, narrazioak, deskribapenak..., eta formatuak: oharrak, eskutitzak, inprimakiak... Testuaren ideia nagusiak eta lagungarriak bereizten ditu, eta jabetu egiten da, oro har, kolpetik irakurrita testuaren nondik norakoaz.

Idazmena

Ikaslea gai izango da bere eguneroko testuinguru ezagunetan eta gai orokor eta arrunten inguruan esperientziak deskribatu, gertaerak kontatu eta oharrak idazteko.

Entzumena

Ahoz emandako instrukzio arruntak aurrenekoan ulertu eta jarraitzeko gai izango da. Hala nola, ohiko elkarrizketak, oharrak, oinarrizko instrukzioak, albiste labur eta zehatzak...Ez du errepikapenik eskatu beharrik izango.

Mintzamena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan eta gai orokor eta arrunten inguruan, ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan parte hartzeko gauza izango da. Baita instrukzioak emateko, pertsonak eta objektuak labur deskribatzeko eta narrazio edo kontaketa laburrak antolatzeko ere.

2. maila

Bigarren maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da ohiko gai eta egoera ezagunei buruzko solasaldi eta jardunak, narrazioak, deskribapenak, instrukzioak eta azalpen laburrak ulertu eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Dena den, zailtasunak izango ditu ñabardurak jaso eta adierazterakoan.

Irakurmena

Testuinguru ezagunetako eta ohiko gaien inguruko testu motak ulertuko ditu. Testuaren nondik norakoaz berehala jabetzen da eta ez du, oro har, oztoporik informazio xehea ere ateratzeko.

Idazmena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan ohiko gaien inguruan idatziz esperientziak deskribatzeko, ipuinak kontatzeko, oharrak eta gutunak egiteko gai izango da; baita azalpen laburrak egiteko ere.

Entzumena

Ahoz emandako instrukzio, azalpen eta argudioak ulertu eta jarraitzeko gai izango da, baita narrazio eta deskribapenak ulertzeko ere. Jatorrizko hiztunekin aritzeko ulermen-maila izango du.

Mintzamena

Ikaslea gai izango da eguneroko testuinguru ezagunetan ohiko gaien inguruan ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan parte hartzeko. Baita instrukzioak emateko, arrazoiak edo kontaketak egiteko eta gai baten inguruan azalpenak egin eta iritziak emateko ere.

3. maila

Hirugarren maila  burutzerakoan, ikaslea gai izango da kultura orokorraren mailako edozein gai eta egoeraren aurrean ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan, euskara estandarrean, gutxienez, parte hartzeko. Halaber, gai izango da, instrukzioak eta azalpenak emateko, narrazioak eta kontaketak  egiteko, iritziak eta  argudioak emateko, hauek guztiak egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez,  ahoz nahiz idatziz egingo dituelarik.

Irakurmena

Kultura orokorraren mailako prosa-testuak, saiakera arruntak, ipuinak, nobelak, erreportaje eta artikuluak, deskribapenak, iritzi-artikuluak, etab. Ulertzeko gai izango da. Irakurketa helburuaren arabera informazio orokorra eta xehea aurkituko du eta gaiaren konplexutasunak nahiz irakurgaiaren egituraketak sor ditzaketen arazoak irakur-estrategiaz baliatuz gaindituko ditu, irakur helburua lortuz.

Idazmena

Kultura orokorraren mailako gaiei buruz idatziz gutunak, artikulu errazak, ipuinak, azalpenak eta antzekoak egiteko gai izango da, hauek egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez egingo dituelarik.

Entzumena

Kultura orokorraren mailako edozein gai eta egoeratan parte hartzeko gai izango da, baita euskara estandarrean nahiz herri-hizkuntzan edozein euskal hizketa (instrukzio, azalpen, narrazio, argudio, elkarrizketa…) ulertzeko ere. Informazio orokorra eta xehea jasoko du, baina gai espezializatuei buruzko azalpenetan, adibidez, xehetasunak ulertzeko zailtasuna izango du.

Mintzamena

Kultura orokorraren mailako edozein gai eta egoeraren aurrean ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan, euskara estandarrean, gutxienez, parte hartzeko gai izango da. Instrukzioak eta azalpenak emateko, narrazioak eta kontaketak  egiteko, iritziak eta argudioak emateko gai izango da, hauek guztiak egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez  egingo dituelarik.

4. maila

Laugarren maila burutzerakoan ikaslea gai izango da kultura maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko eta iritziak eta azalpenak emateko. Halaber, testu espezialduak bere osotasunean jasoko ditu eta hizkuntza formalean nahiz informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, era guztietako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai izango da. Euskalkietako berbaldiak eta idatzizko testuak ere ulertzeko gai izango da.

Kontuan izanik nola definitzen den laugarren mailako ikaslearen gaitasun komunikatiboa -"aditua izanik, gauza izango da zenbait ekintza komunikatibo gauzatzeko ahoz eta idatziz, bera aditu deneko jakintza-alorretan"-, bi baldintza beteko dituzte gaitasun komunikatibo hori ebaluatzeko probek. Lehenik, ikaslea aditua deneko jakintza-alorrekoak izango dira proba horiek, bai ahozkoa eta bai idatzia; beraz, proba espezifikoak egingo zaizkio ikasle bakoitzari, aditua deneko jakintza-alorraren arabera. Bigarrenik, laugarren mailako ikaslearen gaitasun komunikatiboa ebaluatzeko, oinarrizko tresna izango da ikasleak aditua deneko jakintza-alorrean egindako lana.

Irakurmena

Batuan zein euskalkitan idatziriko kultura-maila goreneko testuak eta testu espezialduak emandako informazioa jasotzeko gai izango da.

Idazmena

Kultura maila orokorreko nahiz goragoko gai sozial edo espezialduez gain, hizkuntza formalean eta informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, hainbat motatako testuak idazteko gai izango da.

Entzumena

Hizkuntza estandarrean edozein diskurtso (kultura-maila zabalekoak, norbere interesekoak edo espezialitatekoak) bere osotasunean ulertzeko gai izango da. Euskalkietako berbaldia ez zaio arrotza egingo eta mezua bere funtsean jasoko du.

Mintzamena

Kultura-maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko, iritziak emateko edota jendaurrean azalpena egiteko gai izango da.

Azken eguneratzea: 2010/03/16
Compromiso con las personas