HABE

euskadi.eus

  1. Sarbidea
 
Aurrekariak eta sortze-legea


Beti aurki ahal izango dugu pertsonaren bat euskara bigarren hizkuntza gisa helduaroan ikasi duena, baina helduei euskara gaur egun egiten den bezala irakastea, gertaera aski berria da, azkeneko hiru hamarkadetan gertatu dena.

Helduei euskara ikastaldeetan irakastea 60. hamarkadako kontua da. Hasiera haietan, borondate ona eta hizkuntzaren aldeko militantzia ziren nagusi, bai ikasleetan bai irakasleetan. Ez zegoen ia ikasmaterialik, irakasleen prestakuntza oso eskasa zen eta irakasleak, askotan, karreraren bat ikasten ari ziren gazteak izaten ziren eta gauez irakasten zuten ahal zen lekuetan: sototan, elizaren gelatan, kultur erakundeetan… Hortik dator euskara-ikastegiek gau-eskola izena hartu izana.Hasiera hartan gehiago lantzen zuten alfabetatzea euskalduntzea baino.

1970-80 hamarkada izan zen euskaltegien sorkuntzan garai garrantzitsuenetakoa. 1977-78n ezarria zegoen Euskal Herri osoan Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearen (AEK) ikastegi-sarea. Baziren beste erakunde batzuk ere helduei euskara irakasten zietenak. Hamarkada horren azken aldera agertu ziren euskararen irakaskuntzaren lehen profesionalak.

1981ean jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak HABE erakundea (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea). HABE Eusko Jaurlaritzako Autonomiadun Erakunde bat da, Kultura Sailari atxikia, bere legezko nortasuna duena, Eusko Legebiltzarraren 29/1983 Legeak sortua. Erakunde horren sorrerarekin euskararen irakaskuntzak eite berri bat hartu zuen: profesionalizazioa handitzen hasi zen, materialen ekoizpena ere bai, euskara irakasten aritzen ziren ikastegi guztien erregistroa sortu zen, ikasleen matrikulak informatika bitartez zenbatzen hasi ziren, maila batzuk edo besteak lortzeko behar ziren ikastorduak kalkulatzen hasi ziren…

 

Azken eguneratzea: 2005/09/13
Euskadi, auzolana