HABE

euskadi.eus

  1. Sarbidea
 

HELDUEN EUSKALDUNTZEAREN OSAGAIAK

Helburuak ekintza komunkatibotan definituta

Mailaz maila definitu diren helburuak gaitasun komunikatibo jakin baten adierazpen dira, eta ekintza komunikatibo zehatzen bidez adierazi dira curriculum honetan. Hizkuntza-erabiltzailearen gaitasun komunikatiboa testuinguru eta baldintza jakinetan adierazten da, eta ekintza komunikatibotan gauzatzen. Horregatik, helburu den gaitasun komunikatiboa definitzean, mailaz maila, zein ekintza gauzatzeko gai izango den zerrendatu da, adieraziz ekintza komunikatiboaren testuingurua (ekintzan parte hartzen dutenen harreman mota, xedea eta erabilera-esparrua) eta testu-generoa.

Beraz, helburuak bi eratara emanak datoz curriculum honetan: batetik, helburu orokorrak daude, mailaz mailako definizio orokor batekin (A1, Hasierako erabiltzailea; A2, Oinarrizko erabiltzailea; B1, Erabiltzaile independentea; B2, Erabiltzaile aurreratua; C1, Erabiltzaile gaitua; eta C2, Erabiltzaile aditua); eta, bestetik, “helburuak” izenburupean, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun sailkatuak (mintzamena eta idazmena ekoizpenari dagokionez, eta irakurmena eta entzumena trebetasun hartzaileei dagokienez), mailaren amaieran ikaslea zer egiteko gai izango den adieraziz; hau da, ekintza komunikatiboak.

Edukiak

I- Gaitasun soziolinguistikoaren garapena

Testuinguruaren ezaugarriak
Gaiak
Kultura-erreferentziak

II- Gaitasun testualaren garapena

Testu-generoak
Funtzioak
Adierazpide testualak

III- Gaitasun linguistikoaren garapena

Adierazpide linguistikoak

IV- Gaitasun estrategikoaren garapena

Komunikazio-estrategiak
Ikasprozesuaren estrategiak

Ebaluazioa

Ikaste- eta irakaste-prozesuaren baitan sortzen den informazioaren bilketa sistematikoa da ebaluazioa; batetik, prozesu horren alderdi guztien deskribaketa osoa eta zehatza emanez, eta, bestetik, deskribaketari buruzko epai eta irizpen arrazoitua eskainiz, betiere hobekuntzara begira.

Ebaluazio-irizpideak eta eskalak

Euskalduntzearen ebaluagai nagusia komunikagaitasuna da, baina gaitasun hori, bere horretan, behagai ez denez, ekintza komunikatiboaren gauzatze-maila aztertzen eta balioesten da. Azken finean, ikaslearen gaitasun soziolinguistiko, testual, linguistiko eta estrategikoaren maila baloratzen eta neurtzen da. Horretarako, ikasleak ulermen- eta ekoizpen-ekintzak (elkarreraginezkoak barne) burutu beharko ditu, eta horiek ebaluazio-irizpide batzuen arabera ebaluatuko dira.

Ebaluazio-irizpideak trebetasunez trebetasun (entzumena, mintzamena, irakurmena eta idazmena), eta irizpidez irizpide (egokitasuna, koherentzia, kohesioa, jariotasuna, aberastasuna eta zuzentasuna) antolatu dira, 1etik 3rako eta behetik gorako balioespen-eskala eskainiz. Maila bat gainditzeko balioespen-eskalako tarteko deskripzioa (2) izango da atalase-maila edo gutxieneko gaitasun-maila.

Sailkapen horren helburua, beraz, ebaluaziorako ahalik eta erreferente egokiena izatea da; betiere, errealitatea eta curriculuma garatzen den gizarte-testuingurua kontuan izanda. Horri esker erabaki ahal izango da erabiltzaileari edo azterketariari zer balioespen dagokion.

Ildo metodologikoak

Ikaslearengan eta ikasprozesuan ardaztutako curriculum batean metodologia osotasun bakarraren zati bat besterik ez da, ikuspegi, helburu, eduki eta ebaluazioarekin batera.

Curriculum hau axioma honetan oinarritzen da: “Hitz egitea hitzen bidez gauzak egitea da, eta eginez ikasten da egiten”. EGIN da axioma horretan hitz gakoa. Egitea da helburua. Hona helburu nagusia, beraz: ikasleak zerbait egitera heldu behar du ikasprozesua amaitzean.

Eta axioma eta helburu horren eragile nagusia, berriz, ekintza komunikatiboa da. Izan ere, gaitasun komunikatiboa ekintza komunikatibotan gauzatzen da.

Ildo metodologiko nagusiak:

    1. Curriculum honek bi ikuspegi nagusi ditu: ikuspegi komunikatiboa eta ekintza-ikuspegia. Beraz, ikasprozesua xede-hizkuntzaren erabileran oinarrituko da, betiere, ikasleentzat beharrezko eta interesgarriak diren ekintzen erabileran. Ikasprozesuan

      • ikasestrategiak eta estrategia komunikatiboak baliatuko ditu ikasleak;
      • lau hizkuntz trebetasunen garapena integratuko da;
      • ekintzak testuinguru jakin batean landuko dira;
      • ikasleak ekintza gauzatzeko beharrezko dituen baliabide linguistikoak eskuratzera bideratuko da ikasprozesua.

        2. Ahozkoaren zein idatziaren ulermen- eta ekoizpen-ekintzak xede edo funtzio jakin batekin gauzatuko dira.

          3. Baliabide linguistikoak gauzatu beharreko ekintza komunikatiboaren baitan eskuratuko dira.

            4. Ikasgelako dinamikak ikasleen zein irakasle-ikasleen arteko elkarreragina bultzatuko du, eta ezinbestekoa izango da harreman-sarea, lan-giroa, lankidetza, enpatia, begirunea eta interesa sortzea.

              5. Ikaslearen interes eta behar komunikatiboetatik abiatuz, ikaslea, batez ere, bide induktibotik jardutera bideratuko da. Horretarako, garrantzitsua da egoera komunikatiboa sortzea, xede-hizkuntzan zer baliabide diren ezinbesteko zehaztea, baliabide horiek zenbait testutan aurkitzera bideratzea eta horiek landuz behar komunikatiboa asetzea.

                6. Lan-modu honek ikasten ikastea ahalbideratzen du. Irakasleak ikasestrategia eta komunikazio-estrategiak erabiltzera etengabe bultzatuko ditu ikasleak, komunikatzera animatuz, bideratuz eta baliabideak eskainiz.

                  7. Ikas-jarduera ekintza komunikatibotan antolatzea lehenetsiko da. Aukeratutako ekintza izango da abiapuntu eta helburu, unitate edo sekuentzia didaktikoa antolatzeko, eta horren baitan aukeratuko dira beharrezko diren baliabide linguistiko, testual, estrategiko eta abar. Honako sekuentzia hau antola daiteke:

                    • Ekintza komunikatiboaren aukera eta motibazio-aldia.
                    • Azken ekintzaren zehaztapena.
                    • Helburuak definitzea (zer jakin eta ikasi behar da ekintza gauzatu ahal izateko?).
                    • Edukiak zehaztea: soziolinguistikoak, testualak, linguistikoak eta estrategikoak.
                    • Eduki soziokulturalak erabakitzea (gaia, alderdi kulturala).
                    • Ebaluazioa eta autoebaluazioa.
                    • Materiala: ahozko testuak eta testu idatziak; ikasliburuak; material digitala…
                    • Iraupena aurreikustea.

                    8. Curriculum honetatik erator daitezkeen ikasliburuak eta materiak zabalkunde-elementu gisa hartu behar dira, eta izan dezaketen edozein izaera preskribatzailetatik urrunduz, curriculum honetan ezarritako irizpideetara eta ikastaldera egokituko dira

                      9. Ebaluazioa curriculumaren helburu, eduki eta ikuspegiarekin bat etorriko da. Irakasleak, autoebaluazioa bultzatzeaz gain, informazioa etengabe jasoko du ikastaroan zehar, eta horren berri emango dio ikasleari, horrek bere aurrerabidea balioetsi eta aztertu dezan.

                        10.  Maila baten amaieran ikasleak bere gaitasun komunikatiboa egiaztatzerik izango badu ere, horrek ez du baldintzatuko ikaslearen motibazioa. Ikasprozesuaren helburua xede-hizkuntzan komunikagaitasuna areagotzea izango da.

                        Azken aldaketako data: 2016/01/19
                        Euskadi, auzolana