HABE

euskadi.eus

  1. Sarbidea
 

HELDUEN EUSKALDUNTZEAREN OINARRIZKO CURRICULUMAREN MAILEN AZPIMAILAK

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako sei gaitasun-mailen ikas-irakas prozesua egituratzeko bereizi dira azpimailak, eta HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenez ezarri dira, HEOCean emandako irizpide pedagogiko-didaktikoei eta ikasprozesuaren antolaketa-beharrei egoki eta zuzen erantzuteko.

Hortaz, HEOCak berak zehazten dituen hizkuntza-trebetasunetan oinarritzen dira azpimailak, eta trebetasun hartzaileak eta ekoizleak integratzen dituzte. Ikastaroen ezaugarrien eta ikas-baldintzen arabera, azpimaila horiek lortu beharreko helburuen adierazle izango dira.

Ikastaro hasierako mailaketa.

Matrikulaldi bakoitzean, trebetasunetan oinarritutako ebaluazioa egingo dio euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasleari, Euskaltegiaren Curriculum Proiektuan (ECP) ezarritako prozedurei eta HEOCean zehaztutako ebaluazio-irizpideei erreparatuz. Diagnosi hori baliatuko du euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikaslea mailakatzeko eta ikas-irakas prozesuaren helburuak finkatzeko.

Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak, trebetasunez trebetasun balioetsiz, jasoko du ikaslearen komunikagaitasun-maila, “Ikasleak egindako ikastaroaren EBALUAZIO-TXOSTENA” dokumentuan. Abiapuntua eta helburu-azpimaila bi multzotan bilduko dira: lehendabizikoan, trebetasun hartzaileetan aurreikusten zaion maila (irakurmena eta entzumena), eta bigarrengoan, ekoizleetan aurreikusitakoa (idazmena eta mintzamena).

Egungo egoera soziolinguistikoaren ezaugarriak kontuan harturik —ikasleon trebetasun hartzaile eta ekoizleen arteko desoreka—, gerta daiteke, diagnosia egitean, aurreikusitako azpimailek egoera guztiak ez islatzea. Horrenbestez, abiapuntuari begira, baina ez helburu-azpimailari, honako egoera hauek ere aurreikusten dira (atzealdea ilunduta):

 

Ikastaro bukaerako ebaluazioa.

Ikastaroaren amaieran, ikaslearen ebaluazio sumatiboa egingo du irakasleak. Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren ECPan ezarritako prozedura eta HEOCean zehaztutako ebaluazio-irizpideen arabera, ikaslearen komunikagaitasuna balioetsiko du, eta “Ikasleak egindako ikastaroaren EBALUAZIO-TXOSTENA” dokumentuan jasoko du, trebetasunez trebetasun, euskara erabiltzeko ikasleak duen gaitasun-maila.

Ondoren, lau trebetasunetan izandako emaitzak bi hartzaileetan eta bi ekoizleetan integraturik eta egindako ikastaroaren ezaugarri eta baldintzen arabera, ikasleari iritsitako azpimaila zein izan den adieraziko zaio “Ikasleak egindako ikastaroaren EBALUAZIO-TXOSTENA” dokumentuaren bidez: ikastaroaren hasieran aurreikusitako helburu-azpimaila lortu badu, horrela aitortuko zaio; beste azpimailaren baten gutxienekoak iritsi baditu, azpimaila hori; eta aurrerapen nahikorik izan ez badu, abiapuntuan jarraitzen duela adieraziko da. Bestalde, ikasprozesuan izandako aurrerapenaren berri emango zaio trebetasunez trebetasun, alderdi sendoak eta sendotu beharrekoak azpimarratuz. Horrela jasoa geratuko da ikasleak eskura izango duen garaian garaiko aplikazio informatikoan.

Horretaz gain, ikasprozesuan zehar osatuz joango da “IKASTALDEAREN EBALUAZIO-FITXA”, eta islatuko da ikasleek ikastaldean izandako ibilbidearen berri, aplikazio informatikoan garaian garaiko informazioa eskainiz.

Komunikagaitasuna neurtzeko ikasleek egindako proba guztiak bi urtez jasoko ditu euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak.

Azken aldaketako data:  2016/01/18
Euskadi, auzolana