HABE

euskadi.eus

  1. Sarbidea
 

HELDUEN EUSKALDUNTZEAREN OINARRIAK

HELDUEN EUSKALDUNTZEAREN OINARRIZKO CURRICULUMAk —HEOCak— helduen euskalduntzegintzaren jardun didaktikoan betebeharreko gidalerroak deskribatzen eta zehazten ditu. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Agindu bidez ezarri zuen 2015eko uztailaren 22an curriculum hau, erreferentzia-marko izan dezaten euskaltegiek, euskararen autoikaskuntzarako zentroek, HABEk eta HABErekin lankidetzan arituko direnek, eta 2015eko uztailaren 31n argitaratu zen EHAAn (144 zk.).

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma sei mailatan egituratua aurkezten da; elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua, hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua, ekintza komunikatibotan definitua, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua.

Oinarrizko curriculum honek indarrean jartzen dituen euskararen sei gaitasun-mailak (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuan (PDF, 1019 KB) zehaztutako mailen gidalerroetan oinarritu dira, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitu. Horrela, hiru lerrunetan bildu dira sei maila horiek:

Oinarrizko lerruna (A1 eta A2): oinarrizko erabiltzailea

Lerrun aurreratua (B1 eta B2): erabiltzaile aurreratua

Adituaren lerruna (C1 eta C2): erabiltzaile aditua

Helduen euskalduntzea ikaslearen komunikazio-gaitasuna garatzera bideratuko da, ikasprozesuaren amaieran maila bateko zein besteko erabiltzailea bilakatzera. Horretarako, oinarrizko curriculum honetan, Hizkuntzen Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoaren oinarri psikopedagogikoen baitan, ekintza komunikatiboa oinarri harturik, ikuspegi komunikatiboa, soziokonstruktibista eta ekintzara bideratutakoa hobesten da.

Bi dira, beraz, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren oinarriak: gaitasun komunikatibora eta ekintzara bideratutako ikuspegia, eta ikaslearen autonomia.

  • Gaitasun komunikatibora eta ekintzara bideratutako ikuspegia

Curriculum honek ikaskuntzaren ikuspegi komunikatibo, soziokonstruktibista eta ekintzara bideratutakoa du abiapuntu eta ardatz. Ikuspegi horren arabera, ikaslea edota hizkuntzaren erabiltzailea ekintzak burutzen dituen gizarte-eragilea da, eta horiek hizkuntza-ekintza komunikatiboen bidez gauzatzen ditu.

Ekintza komunikatiboak izango dira hizkuntzaren ikaskuntzako eta irakaskuntzako abiapuntu eta helburu.

Ekintza komunikatiboa dinamikoa da: erabiltzaileak, ekintza gauzatzean testu bat (testu-generoa) sortzen du testuinguru batean. Testua eta testuingurua: elementu dinamikoak dira biak, hiztunak kontuan hartuko dituenak, aldian-aldian, ekintza komunikatiboa zuzen eta egoki gauzatuko badu.

  • Ikaslearen autonomia

Helduen euskalduntzearen helburua da ekintza komunikatibo kontaezinak gauzatzeko trebatzea ikaslea, hau da, ikasle autonomoa eta estrategikoa lortzea; egoera eta era askotako testuingurutan hizkuntza ongi erabiliko duen erabiltzailea, arrakastaz komunikatuko duena.

Dokumentu honek, aipatu ikuspegi horietan oinarrituz, mailaz maila helburu diren ekintza komunikatiboak —gaitasun komunikatiboaren adierazle izango direnak—azaltzen ditu, maila bakoitzari dagozkion testuinguruak, komunikazio-baldintzak, gaiak, testu-generoak, funtzioak, baliabide linguistikoak, estrategiak eta abar kontuan hartuz eta uztartuz. Izan ere, izaera integratzailea du curriculumak, eta horixe du helburu: ekintza komunikatibo horiek, elkarreraginean, elkarri loturik lantzeko aukera eskaintzea.

Oinarrizko curriculum hau izango du HABEk irakasle zein teknikarien prestakuntzarako oinarrizko erreferentzia hiru zehaztapen-mailetan —oinarrizkoa, curriculum-proiektua zein ikasgela-programazioa— eta hiru ikastereduetan —aurrez aurre, autoikaskuntza tutorizatuan eta jardun bikoan—. Era berean, oinarrizko erreferentzia izango dute euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroek, beren autonomia pedagogiko eta antolatzailearen ildotik, Euskaltegiaren Curriculum Proiektua diseinatzeko.

Azken aldaketako data: 2016/01/15
Euskadi, auzolana