HABE

Komaren erabilera

egilea: Izaskun Zuntzunegi Legarreta, 

Eta lokailuak komarekin dituen harremanak oso gorabeheratsuak dira.

  • Elkarren kideko perpaus zatiak zerrendatzen ditugunean, komaz bereizten dugu zatietako bakoitza, azken bi hitz edo zatien artean izan ezik.
  • Azken bi hitzen edo zatien artean eta tartekatzen dugu, eta ez da komarik jartzen.

“Hala, hondakin plastiko asko erraustegietara edo zabortegietara botatzen dira, edo, are txarrago, mundu zabaleko mendi, ibai, itsaso, ozeano eta hondartzetara”.

[Adibidea: Administrazioa Euskaraz aldizkaria, 102. zk.]

 “Besteak beste, bizirauteko arazoak dituzten espezieen babesa bultzatzea, ehiza larria kontrolatzea, ehiza txapelketak mugatzea eta hegazti migratzaileak babesteko neurriak hartzea eskatu zioten Aldundiari”.

[Adibidea: Administrazioa Euskaraz aldizkaria, 101. zk.]

Gehienetan halakoetan agertzen denez, uste izan da etaren alboan inoiz ez dela komarik jarri behar. Baina hori ez da horrela. Ikus dezagun, bada, non jarri behar dugun koma.

eta lokailuaren aurrean

 Komaz bereizi beharreko bi perpausen artean, eta lokailua aldamenean izan arren, jarri egin behar da koma. Biak dira beharrezko. Berdin jokatuko dugu edo, ala, baina eta baizik lokailuekin.

                                                              [perpausa], eta [perpausa]

               “Hirugarren mailan, unibertsitarioentzat egokitutako soldadutzara joatea erabaki genuen, eta euskaldunok batera egoteagatik, Cadizera joatea eskatu genuen, eta bertara bidali gintuzten”.
               “Irakasleria propioaren irudia defenditzen genuen, eta pankartaren atzean jarri ginen”.
               “Ingeniaritza ikaslea nintzen, baina euskarazko testuak irakurtzea zen nire dibertsioa, eta harrapatzen nuen guztia irakurtzen nuen.”

 [Adibideak: Administrazioa Euskaraz aldizkaria, 102. zk.]

eta lokailuaren bi aldeetara

 Koma artean ere aurki dezakegu inoiz. Esate baterako, koma artean joan beharreko osagarri baten aldamenean egotea egokitzen zaionean.

                                                           [perpausa], eta, gainera, …

               “Eutsi egin genion, eta, azkenean, beste batek guk proposatutakoa gauzatu zuen”.
               “Hala, hondakin plastiko asko erraustegietara edo zabortegietara botatzen dira, edo, are txarrago, mundu zabaleko mendi, ibai, itsaso, ozeano eta hondartzetara”.

[Adibideak: Administrazioa Euskaraz aldizkaria, 102. zk.]

eta lokailuaren ondoren

Eta lokailuaren ondorengo komak esaldiaren zati nagusiko ekintzaren zergatia edo arrazoia ematen laguntzen du.

               Aspertuta zeudela eta, etxera joan ziren. = Etxera joan ziren aspertuta zeudelako.
               Erreleboa badator eta, ni banoa. = Ni banoa, erreleboa badator eta.

 
Horrez gain, bigarren adibidean esanahia aldatuko litzateke komarekin ala komarik gabe:

               Erreleboa badator eta ni banoa. [informatu egiten du, erreleboa badatorrela eta bera badoala]
               Erreleboa badator eta, ni banoa. [esan nahi du badoala erreleboa badatorrelako]

Eta abarren aurretik

Zerrenda bateko osagaien ondoren eta abar juntatzen denean, koma idazten da aurretik.

               “… legez kanpoko ehiza lerro eta postuak, seguritate distantziak, munizioa, espezie babestuen heriotza, ezkutuko ehiza, eta abar”.

[Adibidea: Administrazioa Euskaraz aldizkaria, 102. zk.]

Bibliografia:

- Idazkera-liburua, Joxe Ramon Zubimendi eta Pello Esnal. Eusko Jaurlaritza, 1993
- Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak, Juan Garzia Garmendia. Eusko Jaurlaritza, 2014