HABE

Ekainaren 6an, Klasikoen XII. irakurketa jarraitua Bilboko Arriaga antzokian

Argitalpen-data: 

Literatura-jardunaldi berezia izaten da. Urtean behin, euskarazko liburu klasiko bat irakurtzen dute 400 bat lagunen artean. Irakurle bakoitzak pasarte labur bat irakurtzen du eta ondoren, datorrenari ematen dio txanda. Bilboko Arriaga antzokian, hamabi orduz, goizeko zortzietatik arratsaldeko zortziak arte.

Aurreko urteetan, Axularren Gero, Juan Antonio Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren % 100 basque, eta 2018an, Txomin Agirreren Kresala irakurri zuten. 

Aurtengoarekin, beraz, hamabigarrena: Anjel Lertxundiren Otto Pette. 25. urteurrenean, liburuak euskal prosari egindako ekarpena azpimarratu nahi dute, eta egileari berari ere ondo merezitako omenaldia egin, egungo euskal idazle nagusienetakoa denari.

Munta handikoa, dudarik gabe, aurtengo ekainaren 6an, eta, beti bezala, Bilboko Arriaga antzokian aurrera eramango duten irakurketa-jaialdia.

Hamabi ordu, laurehun bat irakurle, berrogeita hamar eragile sozial… irakurle zein entzule, denok zaudete gonbidatuta literatura eta euskara uztartzen dituen festa honetara.

Informazio gehiago, helbide honetan.