HABE

euskadi.eus

  1. Sarbidea
 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Segurtasun Sailak hitzarmen bat sinatu dute euskararen ikaskuntza doakoa izan dadin Ertzaintzan

_MAA1986.jpg

2017.eko urriak 25

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Estefania Beltran de Hederia Segurtasun sailburuak hitzarmen bat sinatu dute ertzainek euskara ikasteko erraztasun gehiago izan ditzaten. Akordio honi esker, kudeaketa-gomendio bat bultzatu da eta honek euskara doan ikasteko aukera emango die ertzainei, haien lan orduetatik kanpo. Aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa ikasturterako 200.000 eurokoa izango da.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aspalditik laguntzen du euskararen irakaskuntza Ertzaintzaren barnean, baina lehen aldia da horrelako hitzarmen bat sinatzen dela Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren menpe dagoen HABE erakundearekin (Helduen Alfabetatzeko eta Berreuskalduntzeko Erakundea). Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak honen garrantzia nabarmendu du: “Hitzarmen honi esker euskararen normalizazioan aurrerapauso bat gehiago eman dugu Departamentuan, baita Ertzaintzan Euskara Planaren egitasmoetan ere. HABErekin sustatu den elkarlan hau funtsezkoa izango da euskara lantzen edo ikasten ari diren ertzainei babesa eta erraztasunak emate aldera”.

Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu du bere Sailak egiten duen esfortzua ahalik eta erraztasun gehien emateko euskararen irakaskuntzan. “Euskarara hurbildu direnek beti nabarmentzen dute esperientzia honek eman dien guztia: mundu berri bat irabazteko balio diela esan ohi dute. Hala ere, badakigu hizkuntza bat ikastea ez dela aldats behera izaten, eta albait erraztasun gehien eman nahi dizkiegu pausoa ematen dutenei. Orain dela aste batzuk akordio bat sinatu genuen Enplegua eta Gizarte Politikak Sailarekin prestakuntza-ekintzak egiten dituzten langabeei zuzenduta, eta azken akordio honen bidez ertzainen bidea erraztu nahi dugu”.

Prozedurari dagokionez, Segurtasun Sailak deialdiak egingo ditu urtean zehar euskara ikasi nahi duten ertzainek eskaria egin dezaten, eta hortik onartutakoen zerrenda bat aterako da (oinarrizko baldintzak betez gero, onartuko dira). Matrikula-orria emango die hauei, bakoitzak nahi duen euskaltegia eta ordutegia erabaki dezan. Akordio honi esker, onartutako ertzainek ez dute ezer ere ordainduko euskaltegietan; izan ere, kudeaketa-gomendioari esker, matrikula eta irakaskuntzaren kostuak Segurtasun Sailak ordainduko dizkio HABEri, honen prezio publikoen arabera. Azkenik, HABEk diru-laguntzen deialdiaren bitartez eta matrikulen fakturen bitartez dagokiona ordainduko dio euskaltegi bakoitzari.

Ertzainek euskaltegietan zein autoikaskuntzarako zentro homologatuetan eskaintzen diren maila guztietan eman ahal izango dute izena matrikula-orriaren bitartez. Bestalde,  jarraipen-batzorde bat eratuko da, Giza Baliabideen Zuzendaritzako eta HABEko kideek osatua, kudeaketa-gomendio hau behar bezala kudeatu ahal izateko. Bi Sailen helburua da aurten hasitako bide honi ekitea datozen urteotan, euskara Ertzaintzan sustatzeko eta honen irakaskuntza bideratzeko lehengo eredua baino eraginkorragoa izango delakoan baitaude.

 

                 

 

 

 

 

 

 

 
Euskadi, auzolana